«

»

Jul 26

Langileek enpresan parte hartzearen aldeko akordioa sinatu dute Gipuzkoako hainbat eragile ekonomikok

Hemeretzi erakunde eta enpresak -horien artean, ASLE, Mondragon taldea eta Gizpukoako Ganbera- langileei enpresetan parte-hartze handiagoa ematearen aldeko manifestua sinatu dute hil honetan.

Gipuzkoako Ganberak, Mondragon Korporazioak, ASLEk eta beste 16 erakunde eta enpresak uste dute munduko herrialde lehiakorrenek, estrategia gisa, langileak enpresa-proiektuarekin konprometitzea bultzatzen dutela, partaidetza modu anitzen bitartez; besteak beste, kapitalean parte hartu dezaten sustatuz. Esaterako, ESOP (Employee Stock Ownership Plan) izeneko langileentzako akzio-planek arrakasta handia lortu dute AEBetan azken hogeita hamar urteotan.

Langileak enpresan murgiltzeko helburuz, Gipuzkoako hemeretzi erakunde eta enpresa horiek hamar puntuko manifestua sinatu zuten, eta foru diputatu kargua utzi duten José Ramón Guridiren (Berrikuntza) eta Pello Gonzálezen (Ogasuna eta Finantzak) babesa jaso dute.

Dokumentuak langileen partaidetzaren aldeko hamar arrazoi zerrendatzen ditu:

1. Pertsonak dira ezagutzaren gizarteko protagonistak. Pertsonek dute ezagutza, eta berrikuntza sortzen da prentsonen eta pertsonek osatutako erakundeen artean.

2. Enpresa kudeaketak aldaketa behar du. Herrialde asko gure lehiakide bilakatu dira; gure mailara iritsi dira teknologia eta berrikuntza arloetan. Beraz, beharrezkoa zaigu pertsonen partaidetza bultzatzen duen laugarren belaunaldiko kudeaketa sistema batera salto egitea.

3. Bertan sortutako enpresa eredu propio batekin krisitik irteteko aukera dago. Lehiakortasunaren eta pertsonen gogobetetasunaren alorretan salto kuantikoak eman behar dira.

4. Langileen partaidetzaren kultura sustraitua dago euskal gizartean. Elkartegintza oso zabalduta dago gure gizartean aspalditik eta gizarte ekonomiak inon baino pisu handiagoa du Gipuzkoan.

5. Belaunaldi aldaketarako beharra dago, eta enpresa langileei eskualdatzen dietenei pizgarriak ematea proposatzen dute akordioaren sinatzaileek, tokiko erabakiak hartzeko boterea Gipuzkoan bertan gera dadin.

6. Langileen partaidetzaren eraginkortasuna frogatua dago. Ameriketako Estatu Batuetan 10.500 enpresa baino gehiagotan parte hartzen dute langileek kapitalean.

7. Europan ere langileen parte hartzea bultzatzeko joera nagusitzen ari da.

8. Etorkizuna, ilusioa eta konpromisoa oinarritzat dituen gizarte eta giza harreman eredu batean oinarritzen da sinatzaileen proposamena. Giza harremanak, lehiakortasuna eta gizarte kohesioa ikuspegi etiko eta sozial batetik ulertzen dituzte.

9. Osasunaren Mundu Erakundeak dio osasun fisiko eta mental hobea dutela partaidetzari eta berdintasunari garrantzia handiagoa ematen dieten herrialdeetan.

10. Langileek enpresan duten partaidetza neurtzeko, autodiagnostikoa eta autogestioa egiteko erreminta bat sortu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza departamenduak eta ASLEk.

Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiaren ALDIZKARIA – Euskal Herriko Unibertsitatea – GEZKI Zbk 35 – 2011ko ekainak 30

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies
A %d blogueros les gusta esto: