Ekitea negozio edo enpresa-proiektu bat sortzeko eta zuzentzeko iniziatiba hartzea da. Hortaz, merkatu-aukera bat identifikatu behar da, ideia edo produktu bat garatu, enpresa-egitura bat ezarri, erantzukizunak asumitu, eta erabaki garrantzitsuak hartu.
Ikaskuntza eta hazkuntza pertsonaleko prozesu bat da, eta berrikuntza, arazoen konponketa, lidergoa, baliabideen kudeaketa eta antzeko gaitasunak garatuko dituzu.
Ekitea buruan duzun negozio-ideia errealitate bihurtzea da; prozesu nekeza da, baina oso atsegingarria. Abantaila hauek ditu:
- Finantza-independentzia, zure diru-sarreren iturriak kontrolatzeko.
- Malgutasuna, lan-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko.
- Sormena eta autorrealizazioa, gaitasun berriak garatzeko eta ezagutzak aplikatzeko.
- Garapen pertsonala: enpresa bat sortuta eta zuzenduta, balio handiko gaitasunak ikasten dituzu; besteak beste, lidergoa, denboraren kudeaketa eta arazoen konponketa.
- Eragina izateko aukera: enpresa bat sortuta, eragin positiboa duzu gizartean, nola produktu edo zerbitzu berritzaileen bidez, hala enplegua sortuta.
Zure enpresa sortzen hasteko, garrantzitsua da jarduera non hasiko dugun kontuan izatea. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) kokatu nahi baduzu, urrats hauek egin beharko dituzu:
- Izena eta forma juridikoa aukeratu: aukeratu enpresaren izena eta forma juridikoa (SL, SA, SLL, SAL, etab.). Komeni da aukeratu duzun izena aurretik erregistratuta ez dagoela ziurtatzea.
- Estatutuak idatzi: idatzi enpresaren estatutuak; informazio hau izan behar dute, besteak beste: izena, forma juridikoa, objektu soziala, kapital soziala, iraupena eta helbidea.
- Merkataritza-erregistroan erregistratu: behin izena aukeratuta, estatutuak idatzita eta enpresa eratuta daudenean, egoitza soziala duzun EAEko probintziako erregistroan erregistratu behar da enpresa. Hau da, Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan.
- IFK edo IFZ lortu: autonomoek IFZ (identifikazio fiskaleko zenbakia) lortu behar dute, eta enpresek, berriz, IFK (identifikazio fiskaleko kodea).
- Foru Ogasunean alta hartu: jardueraren zentsu-aitorpena eta ekonomia-jardueren gaineko zergaren (EJZ) aitorpena aurkeztu behar dira.
- Lizentziak eta baimenak lortu: zer motatako jarduera egingo duzun, baliteke lizentzia eta baimen espezifikoak lortu behar izatea.
- Gizarte Segurantzan afiliatu: Gizarte Segurantzan alta eman behar zaio enpresari, eta gizarte-erantzukizuneko aseguru bat kontratatu.
- Zergak aitortu: zerga-betebeharrak bete behar dira, eta enpresa zerga-sisteman erregistratu.
- Finantza-plangintza egin: garrantzitsua da enpresaren finantzak planifikatzea eta epe ertain eta luzeko finantza-plan bat izatea.
Gogorarazi behar da baldintza horiek agian aldatu egiten direla sortzen duzun enpresaren eta gauzatu nahi duzun jardueraren arabera. Lege- eta kontabilitate-aholkularitza bilatzea gomendatzen da, baldintza guztiak betetzen direla ziurtatzeko, eta enpresak sortzen laguntzeko Eusko Jaurlaritzak dauzkan baliabideak eta programak aprobetxatzeko.