Ekonomia zirkularra ekoizpen- eta kontsumo-eredu bat da, eta, haren arabera, dauden materialak eta produktuak ahalik eta gehienetan partekatu, alokatu, berrerabili, konpondu, berritu eta birziklatu behar dira, balio erantsia sortzeko eta, horrez gain, baliabide naturalen kontsumoa eta sortutako hondakinen eragina murrizteko.
Hortaz, ekonomia zirkularrak ekoizteko eta kontsumitzeko modua aldatzea proposatzen du, hazkunde ekonomikoa jasangarria izan dadin. ASLEk, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, azterlan bat egin du bazkide dituen Gipuzkoako enpresetan. Egindako azterlanean, argi ikus daiteke Gipuzkoako lan-sozietate gehienek hondakinak bereizi eta birziklatzeko urratsak egin dituztela. Prozesu horren xedea hondakinak produktu berri edo lehengai bihurtzea da, ondoren berriz erabiltzeko. Baina, ikusi denez, badago zer hobetu beste alderdi batzuetan ekonomia zirkularrerantz aurrera egiteko; besteak beste, ekodiseinua, birmanufaktura eta serbitizazioa.
Ekonomia zirkularrean aurrera egiteko abiaburu gisa, enpresak lehen diagnostikoa egin dezala planteatzen da. Proiektu honetan egindako azterlanean, autodiagnostikoa egiteko tresnak eskaintzen dituzten zenbait lotura daude. Ekonomia zirkularrerako bidea erakutsiko diete erakundeei. Gainera, enpresek eta ekintzaileek identifikatutako merkatu-hobiak arakatu behar dituzte, baita txostenean adierazitako arrakasta-adibideak ere (Gipuzkoako, Euskadiko eta munduko beste herrialdeetako enpresen arrakastak.
ASLEk funtsezkotzat jotzen du eremu horretan gure enpresei laguntzen jarraitzea. Hori dela eta, Gipuzkoako enpresa elkartuetan lehengaien erabilera luzatzeko eta enpresen artean sinergiak sortzeko aukerak sustatzen ari gara, material eta produktuei bigarren erabilera ematearren. Hala, hondakin gutxiago sortu, eta baliabide naturalen erabilera minimizatuko da; biak ala biak oinarri-oinarrizko alderdiak ekonomia zirkularraren arloan.