
Lan-sozietateen ekosisteman, komunikazioa ez da kudeaketaren gehigarri huts bat, ezta jarraibideak transmititzeko kanal soil bat ere. Izan ere, enpresa-ereduaren beraren egiturazko pieza bat da. Langileak, aldi berean, bazkide eta jabe direnean, komunikazioa proiektu kolektiboaren eta etorkizuna bermatzen duten erabaki estrategikoen arteko harremanari eusten dion ehuna bihurtzen da.
Erakunde batek gobernantza onaren eredupean funtziona dezan, funtsezko hiru erpin orekatu behar ditu: argi transmititzeko gaitasuna (hitz egin), erantzuna jasotzeko irekitasuna (entzun) eta ikuspegi estrategikoa gauzatzeko zorroztasuna (erabaki).
Informazioa baino askoz gehiago: kultura kontua
Komunikazioa enpresa baten kulturaren ispilu leiala da; pertsonekin eta informazioarekin erlazionatzeko ikasi dugun modua da. Komunikazio-kultura zaindu batek erantzukizunak argitzeaz gain, konfiantza-esparru bat sortzen du, non rolak ondo definituta dauden.
Hiruki hori sendoa izan dadin, honako hau ulertu behar dugu:
- Komunikazioa etengabeko prozesu bat da: Ez da unean uneko mugarri bat, interpretazio zatikatuak saihesten dituen fluxu jarraitua baizik.
- Feedback-ik gabe ez dago komunikaziorik: Mezua bidaltzea besterik gabe, beste aldera zer iritsi den egiaztatu gabe, kudeaketa norabide bakarreko ariketa bihurtzen da, emaitza ziurgabeekin.
- Malgutasuna da gakoa: Egonkortasun-etapa batean balio duenak baliteke aldaketa-testuinguru batean ez balio izatea.
Mezuaren lau esparruak
“Zaratarik” ez sortzeko eta eraginkorrak izateko, garrantzitsua da zein esparrutan komunikatzen ari garen identifikatzea. Lan-sozietate batean, komunikazioak orekatua izan behar du lau dimentsiotan:
- Estrategikoa: Proiektuari zentzua eta norabidea emateko, egunerokoa eta etorkizuna lotuz.
- Operatiboa: Eguneroko funtzionamendua eta koordinazio teknikoa arinak izan daitezen.
- Pertsonala: Norbanako bakoitzaren garapenean, errendimenduan eta ongizatean zentratua.
- Bazkidetzakoa: Bazkideek jabetza-rola modu informatuan betetzeko aukera ematen dien lotura espezifikoa.
Lan-sozietateen ekosisteman, jasangarritasunaren gakoa jabetzaren, kudeaketaren eta langileen arteko harremanaren osasunean datza. Lotura hori sendoa eta profesionala izan dadin, funtsezkoa da gobernantza-ereduko organo bakoitzak komunikazioa bere funtzioari dagokion erantzukizun gisa hartzea.
Harreman hori komunikazio-eskubide eta -betebeharren oreka baten bidez artikulatzen da. Ez da informazioa mugarik gabe eskuratzea, baizik eta pertsona bakoitzak irizpidez erabakitzeko behar duena jasotzen duela bermatzea (eskubidea) eta, aldi berean, gainerako erakundeari zentzuz, gardentasunez eta koherentziaz jokatzeko aukera ematen diona partekatzea (betebeharra). Komunikazio-rolen banaketa argi horren bidez soilik lortzen da enpresa kohesionatu bat, non alde bakoitzak bere egitekoa erabatzeko legitimitatez eta eraginkortasunez betetzen duen.
Konfidentzialtasuna konfiantza-tresna gisa
Sarritan, gardentasuna eta “dena kontatzea” nahastu egiten dira, baina komunikazio osasuntsuak mugak behar ditu. Konfidentzialtasuna ez da opakutasuna; organo bakoitzari beharrezkoak ez diren presiorik gabe deliberatzeko aukera ematen dion tresna da, eta datu sentikorren pribatutasuna babesten du. Rol bakoitzari helaraztea beharrezkoa ez den hori identifikatzea funtsezkoa da zarata saihesteko eta ahalegina sozietatearen martxa onerako benetan garrantzitsua den horretan zentratzeko.
Eredu honen azken helburua erakunde bakoitzak bere Komunikazio Mapa eraiki ahal izatea da. Sistema formalak identifikatzea, gune informalak zaintzea eta informazioa pertsona egokiengana garaiz iristen dela ziurtatzea da enpresa bat benetako lan- eta jabetza-ingurune bihurtzen duena.
Azken batean, xedez hitz egitea, arretaz entzutea eta gardentasunez erabakitzea da ekonomia sozialean kohesioa eta lehiakortasuna indartzeko bide bakarra.
Artikulu hau Laneko eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak finantzatutako “Gobernantza Parte-hartzailea” proiektuaren parte da.
Agian zuri ere interesatuko zaizu…










